Galar Zendeako korrikalari, boluntario, laguntzaile, lagun eta herri estimatuak. Galar trail-Neguan Egurra familia handi honetako kide zareten guztiak. 

Duela sei urte lasterketa proiektu honekin hasi ginenean, beti argi izan genuen probaren izaera herrikoia eta jai kutsua ez genuela inoiz galdu nahi. Behetik gora lan egitea proposatu genuen eta Galar Zendeako bizilagun guztien taldelana eta batasun lana sustatzea. Auzolan erraldoia!!!

Proiektu hau guztiona izatea lortu dugu eta harro gaude proiektu honetan parte hartzeaz. Guretzat, antolakuntza batzordea eta lasterketaren eragile garen aldetik, alderdi horiek dira urtez urte gogoz eta ilusioz lan egitera bultzatzen gaituen energia; jai eta kirol egun xume batean gure herrietako plazak eta frontoiak jendez gainezka ikustea, adin ezberdinetako jendea solasaldi, agur eta irribarrez gozatzen ikusiz.

Emozioz beteriko irudiak dira, elementu guztiak konektatzen diren une horretaraino iristeko egindako bilera eta lan ordu horiek guztiak ahaztarazten dizkigutenak.

Ez dugu futbolzelai hutsetan jokatu nahi,  ekitaldi honen funtsa den jendearen berotasuna nahi eta behar dugu.

Hau da, zalantzarik gabe, Galar Trailen nortasuna eta bere izatearen esanahia.

Gaur egun bizi dugun Covid-19 koronabirusaren osasun-krisiak eta epe luzera egoera gehiegi aldatuko ez dela pentsatzeak, proiektua gauzatzea oso zaila edo ezinezkoa izango dela pentsatzera garamatza, behintzat guri gustatuko litzaigukeen bezala ospatzea ez dela posible izango.

Era berean, errealitatearekiko erantzukizunaz jokatu behar dugula uste dugu eta dagoen egoera ikusita, ez dugu pertsona gehiago arriskuan jar dezakeen eszenatoki berririk ireki nahi.

Gure indar guztiak pandemiaren aurkako borrokan jarri eta gure eguneroko bizitza berreskuratzeko unea dela uste dugu, berandu baino lehen gauzatzea nahi duguna.

Honengatik guztiarengatik, lasterketa antolatzeko batzordea osatzen dugun taldekideok GALAR TRAIL- NEGUAN EGURRAREN 2021eko EDIZIOA EZ EGITEA erabaki dugu. 

Ez pentsa hau 'agur' bat denik, 'laster arte' bat baizik! 

Laino eta lokatz artean txalaparta eta zintzarrien hotsak berriro entzungo direla zin egiten dizuegu. Dena konponduko da eta Galartxo aske eta basati ibili ahal izango da berriz ere Erreniegako mendilerroan zehar.

NEGUAN Egurra!!!

This site was designed with the
.com
website builder. Create your website today.
Start Now